XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nire tabernatik hiru kale gorago zegoen haien barberia, bizi, Bixkiturrin bizi baldin baziren ere.

Bi anaien harremana oso estua izan zen beti, egun osoa elkarrekin lanean, eta hargatik beharbada, inor ez zen harritzen iluntzean haien etxetik heltzen zitzaizkien oihu, deikera zantar, eztabaida txatxu eta sesiorik itxuraz latzen eta uste zitezkeen bortitzenak entzunik ere, ezaguna baitzitzaien auzokide guztiei ehiza garaiko larunbat eta igande goizetako, goizeroko beste irudi hura: goizeko zazpietan, eskopeta eta kartutxo, mendiko botak eta zakurra hartu, ogitarteko eta zahatoaren poltsa, rosly puru-txiki kaxa zamarran, Zianzulo basotik barrena Larraingane mendiko parapetoetara ibilbidean haiek eramaten zuten poza eta ilusioa aurpegian, elkartasuna eta batasuna.

Harrigarria zen, txoloma edo pagausoak pasatzearen itxaropen hutsak, oilagorren bat, kalandriak, kazkardoak edo tzip-tzip kantatzen duen birigarroren bat susmatzearen aukera bakanak zein nolako antzaldaketa eragiten zuen, osterantzean, astean zehar, elkarrekin bizi eta lan egitera derrigortuak zeudela ziruditen anaien aldartean, gehienetan San Calixto, paloma he visto esan baina soilik haizea hartuta etxeratuko baziren ere.

Barberian haserretu eta tematuko ziren, baita usoak nola egiten duen hegan, edo fi-fi-fi edo pla-pla-pla erabakitzerakoan ere, baina uso horien aurrean, hego haizearekin pasatzen hasi eta beharbada arratsaldeko bostak arte pasa eta pasa joaten zirenean, zoriontsu ziren biak.

Biak elkarrekin.

Agian horregatik, anaietako bat falta denean, gelditzen da isilik bestea, mostradorearen ertzean jarri eta zerbeza edanez.

Hitza haserrebidea eta eztabaidagunea besterik ez zen haientzat, eta isiltasuna, aldiz, mendian hego haizea pil-pil zebilenean, beste hots hura entzuteko baldintza, zorionarena, alegia: haize eta hodeiak dur-dur-dur, intxaurrak helduta plisti-plasta lurrera erortzen, hostoak ere txinbili-txanbala lurraren estalki bilakatuz, (...)